Ibilbideak

 
Mallabia-Oiz-ArietzuBizikletaz

3ordu 20min

Luzera: 18km

Erripea: 800m

Zailtasuna: ertaina,%80 bizikletaz egin daiteke

Mendira joatera ohituta dagozanendako, Oiz mendira Mallabitik urtenda igotea da gure proposamena. Aukeran dago, ganera, bueltako bidean Arietzu mendira be igotea.

Ibilaldia Mallabiko kaleetan hasiko da. Jasokundearen Andra Mariaren parrokia –lehenengo arrastoak XI. mendekoak dira- eta bere fatxada barrokoagaz Bizkaiko eraikin bitxienetakoa dan Amezaga jauregia bisitau ahal izango doguz. Urigunetik urtengo dogu, Trabakua mendatera doan bidean Aldasoloko bidekurutzeraino joanda. Aldasolo baserriaren parean, errepidea zeharkatuko dogu eta pinu artean dagoan erripa handiko bidea hartuko dogu: Zengotitaganera (812 m) eroango gaitu; han, buzoia eta puntu geodesiko bat topauko doguz., eta Mallabia eta inguruko ibarrak ikusi ahal izango doguz.

Ganetik ibilita, Iturzuri iturrirutza joango gara; hiru aska daukaz, eta mendiko aterpe bat be badago. Probazelaiburuko tumulutik igaroko gara. Hildakoei egindako monumentua da, harri eta lur multzo batez egindakoa. Talde lurperatzea adierazoten dau, eta Brontze Aroan (K.a. 3000-4000) goialdeetan garatu zan artzain kultureagaz dago lotuta. Estartan gora jarraituko dogu Oiz mendiaren tontorrera (1.026 m) ailegau arte. Dei-mendi horretatik, egun argia egin ezkero, ikuspegi paregabea ikusi ahal izango dogu: Bizkaiko kostaldea, Gernikako itsasadarra, Anboto, Gorbeia, Zenarruza... Bide beretik jeitsiko gara Iturzuriraino, baina, beheruzkoan, aterpearen ondotik igarota. Aldapan behera joango gara, Kurutzeberri kurutzeraino. Han, apurtxo bat eskumara egingo dogu, Betzuen baserrira doan bidea topau arte.

Handik, asfaltautako bide batek Zengotita auzunera eroango gaitu. Inguru eder horretan, harlanduz egindako baserri eder batzuk dagoz eta, euren artean, iturri-garbitegi bat. Beherutza jarraituko dogu, eta Markina-Berriz bideko tunelaren ganetik igaroko gara, Zengotitako San Juan Bateatzailearen ermitara. Handik, aukeran dogu Mallabiko urigunera bueltau edo beste aukera bat hartu, eta ermita osteaan dagoan erdiko bidetik Arietzura (472 m) igon; lehenengo muna batera ailegauko gara, eta, ganan zehar ibilita, tontorrera ailegauko gara: porlanezko kurutzea eta buzoia topauko doguz. Igoera gatxa da, bidea txarto dago-eta, eta jeitsiera oraindino gatxago egingo litzateke, Berrizko bidera urten gurako bagendu. Guk Areitiorutza joko dogu, eta, handik, urigunera bueltauko gara.